Noticias

by | 3 Aza, 2025 | EHGA 2026-2027 (EUS)

Txomin Maidagan, EHGA 2026-2027ko zuzendari laguntzailea

2004an Arrasaten jaioa, Txomin Maidagan Ruizek bere bizitzako lehen urteetatik garatu du musikarekiko interesa.

Jaioterrian hasi zituen musika ikasketak, Arrasate Musikal musika eskolan, bertan tronpeta-ikasketak eginez. 2020an kantu ikasketak hasi zituen Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorio Profesionalean, eta 2025ean amaitu zituen Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan. Urte horretan bertan, Musikenen Zuzendaritzako goi mailako ikasketak hasi zituen, Jon Malaxetxebarria eta Basilio Astulezen tutoretzapean, eta bertan dihardu gaur egun.

Bere gaztetasuna ez da oztopo izan bere ibilbide koralean, eta Akelarre Abesbatza, Ganbara Abesbatza edo KEA Ahots Taldea bezalako talde entzutetsuetan parte hartu du. Gaur egun, Goikobalu Abesbatzan, SUHAR Koruan eta Donostiako Orfeoian parte hartzen du koralista gisa, azken honetan zuzendari laguntzailea ere izanik.

Koru zuzendaritzari dagokionez, 2020an ekin zion prestakuntzari, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak antolatutako udako ikastaroetan, Xabier Sarasola eta Esteban Urzelai irakasleen eskutik. Horrez gain, Joan Company, Nicole Corti, Ambroz Copi, José Miguel Pérez-Sierra, Juanjo Mena eta Jordi Bernacer maisu-eskolei esker bere prestakuntza handitu du.

Orkestraren arloan, 2023an debutatu zuen Arrasaten kontzertu sinfoniko-koral bat zuzenduz, eta 2025ean Sergei Rachmaninoffen Piano eta orkestrarako Bigarren Kontzertua zuzendu zuen, Jon Mestre pianistarekin batera, errepertorio sinfonikoarekiko interesa berretsiz.

Gaur egun, A Tempo, Goikobalu Txiki eta Gazte abesbatzak zuzentzen ditu, haiekin lan artistikoa eta pedagogikoa eginez. A Temporekin Errenteriako Gabon Kanten Lehiaketan eta Araba Ahotsetan lehiaketan lehen sariak irabazi ditu, 2024an eta 2025ean, hurrenez hurren. Isabel Mantecónen zuzendari laguntzaile izendatu dute EHGAn (Euskal Herriko Gazte Abesbatza) 2026-2027 denboraldirako.